INFERNUKO GASNA-KORTARIA (LEKAROZ), IDIAZABALEN OSPATU DEN EUSKAL HERRIKO GAZTA TXAPELKETAREN IRABAZLEA BIGARREN URTEZ JARRAIAN

2025/10/12

Euskal Herriko Artzai Gazta Idiazabal Baserrikoa Txapelketaren 42. edizioa , Baserritarren Eguna eta Gipuzkoako Albokarien topaketa ospatu dugu gaur Idiazabalen.

Ganadu erakusketa, gaztagile eta artisauen postuak, umeentzako jolasak eta herri kirolak egon dira, besteak beste. Gazta-egite erakustaldia, MENDIKO GAZTAren dastaketa herrikoia eta artalde bat herritik pasatzen ikusteko aukera ere izan da.

Herrialdeetako lehiaketetan sailkatutako artzaiak beraien artaldeko Latxa ardi-esne gordinarekin egindako gazta onenak bildu dira. Epaimahaia lau mahaitan banatu da, eta bertan, sukaldariak, artzainak, pertsonaia ezagunak eta Idiazabal Jatorri Izendapeneko dastatzaile ofizialak egon dira. Gazta guztiak dastatu ondoren aurtengo Euskal Herriko Artzai Gazta-Idiazabal Baserrikoa gaztarik onena bigarren urtez jarraian INFERNUKO GASNA, Kortaria gaztandegiarentzat izan da.

Artzai saridunak:

  1. INFERNUKO GASNA-KORTARIA (Lekaroz)
  2. GOIENETXE-BEÑAT EGAÑA (Mutriku)
  3. ONDARRE-ENEKO GOIBURU (Segura)
  4. LA LEZE (Ilarduia)

Eta “MENDIKO GAZTA”ren Dastaketa Herrikoiako irabazlea: IKER SUKIA (Lazkao)

Zorionak guztioi!

Egun honekin, artzain eta gaztagileak herritarrengana gerturatu eta gaztaren atzean dagoen milaka urteko tradizioa eta artzain nahiz ganaduzaleek landa garapen jasangarri baten alde egiten duten lana balioan jarri nahi dira.

Artzai Gazta Elkarteak, Idiazabal Jatorri Izendapenak, Idiazabalgo Udalak eta San Blas abeltzain elkarteak antolatu dugu eguna,  Reyno Gourmet eta hainbat babesleren laguntzarekin.