GAZTA AZOKA, MAIATZAK 3 ETA 4, IDIAZABALEN

2025/05/05

Asteburu honetan, maiatzak 3 eta 4, Gazta Azoka ospatu da Idiazabalen, Euskal Herriko zein Estatuko eta Portugalgo hainbat txokotako gaztagileen topaleku izan da.

Idiazabalgo Udalak antolatu du, Artzai Gazta Elkartearekin eta Idiazabal JDrekin lankidetzan, eta azoka honen helburu nagusia, gure artzainek egindako artzain gazta artisaua sustatzeaz gain, lan honen atzean dagoen guztia ikusaraztea, babestea eta balioestea da. Era berean, European Cheese Routeko,  gure artzainen eta beste gaztandegi batzuen gazta berriak aurkeztu eta dastatzeko aukera izan da.

Igandean, hilak 4ean Artzai Gaztaren Txapelketa Herrikoia egin da, jende ugarik parte hartu du, eta BAZTARRIKAk lehen saria lortu du; gainerako sarituak hauek izan dira:

1- Baztarrika (Gabiria)

2- Mausitxa (Elgoibar)

3- Albi (Arruazu)

4- Gaztainaditxulo- Ander Barandiaran (Idiazabal)

5- Arbelar-J Etxezarreta Anaiak (Zerain)

Bertaratutakoek hainbat esperientziaz gozatu ahal izan dute: gazta nola egin, Aritz Ganboaren eskutik artzainen bizimodua gertutik ezagutu, ardien ile mozte erakustaldia, artaldea herritik igarotzea, mamia egitea, European Cheese Roteko gazta ardoarekin uztartuz dastatzea, besteak beste.

Arabar Errioxako ardoa, Getariako jatorri izendapeneko txakolina, eta Euskal Herriko sagardoa eta garagardoa probatzeko ere aukera egon da.

Umeentzako jolasek, kale animazioak, artisauen azokak eta forja artistikoaren erakustaldiak osatu dute aurtengo 2025eko Gazta Azoka.

 

Amelia Jauregi artzainari omenaldia

Gazta Azokak urtero artzaintzarekin eta gaztagintzarekin lotutako norbait omentzen du. Aurten, Amelia Jauregi izan da omendua. Gabiriako Baztarrika baserrian jaio zen 1949an. Aita artzaina zuen eta harekin batera, Altzania inguruan artzaintzaren bizimodua ezagutu ahal izan zuen. 1961ean baserria erre zitzaien, eta harrezkero, ardiak baserri inguruan izan dituzte. Zabalegiko baserri eskolan ikasketak egin eta gero, hainbat baserritarrekin batera, Lurgintza Nekazal Kooperatibaren sorreran parte hartu zuen, baita geroago EHNE sindikatuaren eta ELE Euskal Herriko Latxa Elkartearen sorreran ere. 80ko hamarkadan, baserria bere kargu hartu zuen, eta artzaintza lanean jarraitzeaz gain ELE elkarteko lehendakari izan da 11 urtez eta beste lau urtez Artzai Gazta elkarteko lehendakari. Horrez gain, Emakume Baserritarren Elkarteko sortzaileetako bat ere izan da. Arlo horietan guztietan egindako lanagatik eta arlo sozial eta profesioarekiko erakutsi duen konpromisoagatik, merezitako omenaldia jaso du Amelia Jauregik.