Skip to main content

GAZTA AZOKA, MAIATZAK 2 ETA 3, IDIAZABALEN

2026/05/04

Asteburu honetan, maiatzak 2 eta 3, Gazta Azoka ospatu da Idiazabalen, Euskal Herriko zein Estatuko hainbat txokotako gaztagileen topaleku izan da.

Idiazabalgo Udalak antolatu du Artzai Gazta Elkartearekin eta Idiazabal JDrekin lankidetzan, eta azoka honen helburu nagusia gure artzainek egindako artzain gazta artisaua sustatzeaz gain lan honen atzean dagoen guztia ikusaraztea, babestea eta balioestea da. Era berean, European Cheese Routeko,  gure artzainen eta beste gaztandegi batzuen gazta berriak aurkeztu eta dastatzeko aukera izan da.

Igandean, hilak 3an Artzai Gaztaren Txapelketa Herrikoia egin da, jende ugarik parte hartu du, eta ANDER BARANDIARANek lehen saria lortu du; gainerako sarituak hauek izan dira:

1- Ander Barandiaran-GAZTANADITXULO (Idiazabal)

2- J. Etxezarreta Anaiak-ARBELAR (Zerain)

3- Aranburu (Idiazabal)

4- BAZTARRIKA (Gaboria)

5- MARTINA ETA JON -Garoa (Zerain)

Bertaratutakoek hainbat esperientziaz gozatu ahal izan dute: gazta nola egin, Aritz Ganboaren eskutik artzainen bizimodua gertutik ezagutu, ardien ile mozte erakustaldia, artaldea herritik igarotzea, mamia egitea eta European Cheese Roteko gazta dastatzea, besteak beste.

Aurtengo omendua: Elosiaga gaztandegia

Urtero artzaintzarekin eta gaztagintzarekin lotutako norbait omentzen da. Aurten, Azpeitiako Elosiaga gaztandegiaren ibilbideak jaso du aitortza hori, artzaintzaren eta gaztagintzaren arloan familia proiektu bat eta belaunaldien arteko erreleboa ezinhobeto ordezkatzen dutelako.

Elosiaga auzoko Urretatxiki baserrian ekin zioten Abel Segurolak eta Ana Azkuek gaztandegiaren proiektuari, duela bi hamarkada baina gehiago. Abel iazko ekainean hil zen, baina familia proiektuak aurrera jarraitzen du. Gaur egun bere emazteak, Anak eta seme-alabek, Anderrek eta Amaiak jarraitzen dute. Urteek aurrera egin ahala eta aitaren irakaspenei jarraituz, Latxa artaldea zaintzen dute eta gazta ekoizten dute, neguan Azpeitian eta udan mendian, Beltzulegi txabolan, Aralarko Txindoki mendiaren magalean.