Gazta Azoka maiatzaren 4an eta 5ean izango da Idiazabalen, hainbat txokotako gaztagileen topaleku gisa. Idiazabalgo Udalak Artzai Gazta Elkartearekin elkarlanean antolatuta, azoka honen helburu nagusia, gure artzainek egindako artisau gazta sustatzeaz gain, lan honen atzean dagoen guztia ikusaraztea, babestea eta balioestea da.
Idiazabalgo Gazta Azoka hau denboraldiko lehen azoka da, eta, beraz, gazta berriak aurkezteko eta dastatzeko aukera paregabea. Era berean, artzainekin kontaktua izateko aukera ere bada, batez ere artzainen salmentak zuzenean egiten baitira. Horrekin guztiarekin, bezero eta kontsumitzaileekiko harremanak estutzeko eta sendotzeko aukera ematen du azokak, bai eta beren lana gizarteari erakusteko aukera ere.
Dastatu ahal izango diren gazta gehienak Euskal Herrikoak dira eta Artzai Gazta elkartearen 11 artzai egongo dira. Halaber, Espainiako Estatutik eta Portugaldik datozen produktuak dastatu ahal izango dira, “European Cheese Route”-ko 6 gaztagile ordezkari izango dira: Ripoll (Girona); Casar de Cáceres (Cáceres); Mahon (Menorca); Serrada (Valladolid); Villaluenga del Rosario (Cádiz) eta Fundao (Portugal). Behi gaztak eta Ossau Iraty gaztak ere egongo dira.
Dastaketa herrikoia
Artzain Gaztaren Dastaketa Herrikoia igandean, hilak 5, goizeko 11:30ean izango da eta pertsona guztiek parte hartu dezakete. Gazta bat baloratzeko erabiltzen diren irizpide sentsorialei buruz ikasteko aukera bat da, zaporeaz gain beste hainbat ezaugarri ere hartzen baitira kontuan: forma, azala, kolorea, usaina, begiak, lurruna eta testura.
Jardueren programa
Bertaratzen direnek esperientzia ezberdinez gozatu ahal izango dute: gazta nola egin, artzainen bizimodua gertutik ezagutu, ardiak nola mozten diren gertutik ikusi, artaldea herrian zehar igaro…
Ikusteaz gain, ikasi ahal izango du. Hitzordu honek sentsazioen azoka ere izan nahi du eta, horretarako, gazta ukitu eta dastatzeaz gain, larreetara igo ahal izango da ganadua nola erabiltzen den ikusteko eta Aritz Ganboak artzaintzaren sekretuak ezagutzeko.
Gazta eta mamia nola egiten diren ere ikusi ahal izango da, eta Show Cooking bat egingo dute Javi Riverok eta Gorka Ricok (AMA jatetxea) eta Iker Markinezek (Kaxola jatetxea) larunbat arratsaldean. Programan, European Cheese Route-ko gazta dastaketa bat ere nabarmentzen da, sagardoarekin uztartuta. Halaber, haurrentzako jolas mitologikoak ere izango dira, besteak beste.
Ixidro Sukia artzainari omenaldia
Urtero artzaintzarekin eta gaztaren munduarekin zerikusia duen pertsona bat omentzen da eta datorren igandean Ixidro Sukia izango da omendua. Ataundarra jaiotzez, artzain familia baten hirugarren belaunaldikoa da. 2019an erretiroa hartu zuen, Iker Sukia semeari, familiaren laugarren belaunaldiari, lekukoa emanez.
Azpimarratzekoa da Ixidro, Lazkaoko Bordaberri gaztandegian gazta egiteaz gain, Aralarko artzain historikoa dela; betidanik, maiatzaren amaieran, ardiekin igo eta uda guztiak bertan igarotzen dute, Doniturrieta Azpikoa I txabolan mendiko gazta preziatua egiten.
2015ean Erregulartasun Saria jaso zuen Ordizian, eta bere gaztak ireki zuen urte hartako Idiazabal Gaztaren denboraldia. Hala ere, azpimarratu behar da artzaintzarako duen bokazioa eta dedikazioa, balio horiek semeei transmititzen jakin baitu, eta familia-esplotazio txikiarekin jarraitzea ahalbidetu baitu.
Artzai Gaztak publiko guztia animatu nahi du Idiazabalgo azokara hurbiltzera gure artzainek beren familia-ustiategi txikietan mimoz egindako gazta berriaz gozatzera eta dastatzera; horrela, egunez egun kalitate handiko produktua artisau eran eta iraunkortasunari dagokionez lan egiten duen sektore honi lagundu nahi zaio, gure landa-ingurunea bizirik mantentzen lagunduz.