IDIAZABAL V. GAZTA- AZOKA 2023 MAIATZAK 6 ETA 7, larunbata eta igandea

2023/05/03

Gazta Azoka ospatuko da Idiazabalen datorren Maiatzaren 6 eta 7ko asteburuan, txoko ezberdinetako gaztagileen topaleku izango dena. Idiazabal herria, zerbaitengatik ezaguna bada, gaztarengatik da. Gazta Eguna 1998. urtetik ospatzen da Idiazabalen. Gazta protagonista nagusi duen azokak helburu argia du, artzainen lanaren atzean dagoen guztia babestu eta balioan jartzea.

Azken urteetan bezala, aurten ere asteburu osoko apustuaren alde egin dugu, ekimen honek ez duelako igande eguerdiko azoka bat bakarrik izan nahi. Azoka honen helburu nagusia, gure artzainek egindako gazta sustatzeaz gain, lan horren atzean dagoen guztia ikusarazi, babestu eta balioan jartzea da. Idiazabalgo Gazta Azoka, denboraldiko aurreneko azoka izaten da. Aurtengo gazta berriak kontsumitzaileari aurkeztu eta artzainekin elkarrizketa izateko abagune paregabea da.

Aurtengo azokak dakarren nobedadeetako bat izen aldaketa da. Euskal Herriko gaztak izango dira gehienbat baino Estatuko eta Portugalgo gaztak dastatzeko aukera ere izango dugu. Horregatik, Euskal Gaztaren Azokaren ordez Gazta Azoka izango da hemendik aurrera.

“Aurkezpen hau, Artzai Gazta Elkartearekin batera egin nahi izan dugu Azoka honen antolakuntzan Udalari ematen dion laguntza eskertzeko asmoz. Idiazabalentzat oso garrantzitsua da Artzai Gazta Elkartea herrian izatea, artzainen elkargune delako. Zoriontzekoa da gaztaren teknifikazioan eta artzainen formakuntzan egiten duten lan eskerga” (Iñaki Alberdi, Idiazabalgo alkatea)

Artzai Gazta elkartea

“Lehenik eta behin eskerrak eman Idiazabalgo udalari, horrelako gazta azoka antolatzeko apustua egiteagatik. Artzai Gazta herrian dago eta beti jasotzen dugu udalaren babesa edozein jarduera egiteko. Aurten Artzai Gaztako 12 gaztandegi etorriko gara azokara. Urteko lehen azoketako bat da Idiazabalgoa eta guk erreferente bezala hartzen dugu, gure salmentaren zati handi bat zuzeneko salmentan oinarritzen da eta azoka honek aukera ematen digu bezeroekin eta kontsumitzaileekin harremanak estutu, indartu eta gizarteari gure lana ikusarazteko. Idiazabal plaza polita da, beti gustura etortzen gara, artzainok prest dugu gazta berria, gogoz gaude eta jendea animatu nahi dugu azokara hurbiltzeko eta gure gazta berria dastatzeko” (Marta Pérez Loperena, Artzai Gazta Elkarteko lehendakaria).

Aurten ere programa bete-betea du azokak.

Bertaratzen direnek, esperientzia ezberdinez gozatu ahal izango dute: gazta nola egin, artzainen bizimodua gertutik ezagutu, ardien ile-mozketa gertutik ikusi. Ikusteaz aparte ikasteko aukera ere izango da. Sentsazioez osaturiko azoka bat izan nahi du. Gazta ukitu eta dastatzeaz gain, larreetara igotzeko aukera izango da ganaduaren manejoa nola egiten den ikustera Aritz Ganboaren eskutik. Halaber, gazta eta mamia nola egiten den ikusi ahal izango da; show cooking eta dastaketa, gazta  dastaketa komentatuak eta ardo maridajea, gazta txapelketa herrikoia, artile mozte erakustaldia, artaldea herriko kaleetatik pasatzea, umeentzako artzain jolasak,  dantzari eta txistulariak...egongo dira.

 Azokak berak gainera, izugarrizko garrantzia du Idiazabalgo garapen ekonomikorako eta turistikorako, sektore hauen bultzatzaile handia izanik.

Hainbat txokotako gaztagileen topaleku

Euskal Herriko lurralde guztietako artzainak izango dira Idiazabalen, iparralde zein hegoaldeko gaztagileak elkartuko dira herrian, guztira 24. Mendi lerro ezberdinetan lanean diharduten artzainak dira, Euskal Herriko paisaiaren zaintzan paper garrantzitsua jokatzen dutenak.

Idiazabal gazta egiten duten gaztagileez aparte, Irati Ossautik datozen gaztagileak eta  behi esnearekin gazta egiten duten goierritarrak ere izango dira. Aurtengo edizioan, Europako gaztaren ibilbidea elkarteko bazkide diren herrialdeetako 6 gaztagile ordezkari izango ditugu gurean: Ripoll (Girona); Casar de Cáceres (Cáceres); Maó (Menorca); Serrada (Valladolid); Villaluenga del Rosario (Cadiz) eta Fundao (Portugal).

Omendua

Orain arte Azokako omendua herriko artzain bat izan ohi zen. Aurten omendua Gomiztegiko artzain eskola izango da. Ofizioa eguneratu, profesionalizatu eta duindu dute, baita artzainen arteko sare bat josi, elkar ulertzen eta zaintzen dutena.

Gazta-Azokako erakusleihoa: www.gazta-azoka.eus webgunean, azokaren inguruko informazio eguneratuaz gain, azokara etorriko diren pertsonak gidatuko dituen atalak aurkituko dituzte bertan bisitariek.

Gazta Azokaren sustapen bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=VXxJKFUAt1s